XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez zakiat!

- Nola?

Onetik irteteko puntuan nabaritu zuen bere burua.

Eta Trokonizek ere igarri zuen, berehala ekin zion-eta gertatutakoaren azalpenari:

- Aitak zaborretara bota zidak...

- Zaborretara! oihu egin zion.

- Bai. Ez zuen etxean halakorik ikusi ere egin nahi.

Ezin zuen sinetsi, ez zuen sinesteko gogorik.

Trokoniztarrak burutik jota zeuden.

Halako domina zoragarri eta preziatua zakarretara botatzea ere!

Gorri-gorri zegoen eta sekulako ahaleginak egiten ari zen hari muturrekorik ez jotzeko.

Ikasgeletara igotzeko ilarara biltzeko agintzen zien txistuak salbatu zuen.

Artean eskuan zeukan txokolatea ostera zorroratu eta bere ikaskideen bide bera hartu zuen Karmelok ere, ikasgelara.

Denborak ez zuen aurrera egiten.

Urduri zegoen.

Leihotik begiratu eta eguzkiari erreparatzen zion, eskola bukatzeko zenbat falta zen asmatu nahian.

Aurki erabakitzen zuen berekiko eta ehuneraino kontatzen hasten zen, zenbaketa ahitu baino lehen eskola orduak ere ahiturik egonen zirelako itxaropenaz.

Baina ehuneraino iritsi, berrehuneraino, eta ez zen eteten irakaslearen ihardun astuna.

Eguzkiak ez zuen bere ibilbidea ortzean burutzen; ez irakasleak berea, batetik bestera gelan barrena.

Beldur zen zer edo zer galdetuko ote zion, mintzaldia jarraitzen ahaleginduagatik, ez baitzen batere gai gogoa hartan jartzeko.

Truke tamalgarri hura egin zuenetik ez zeukan tokirik kaskoan, hainbeste torturatzen zuen burdinazko gurutze malapartatuarentzat baino.

Buruko mineraino aritu zen hartaz pentsatzen, baina hausnarketak ezer gutxi lagundu zion.